
2024ko maiatzean, Arnatz Puertasek eta Luix Mitxelenak osatutako Ixo Teatroa konpainiak bere lehen antzezlana aurkeztu zuen, Eros, eta Euskal Herriko hainbat herri eta antzokitatik pasatu ostean sorkuntza horri agur esango diote. Hortaz, Eros antzezlanaren azken emanaldiak urtarrilaren 23, 24 eta 25ean egingo ditu taldeak, Pabellón 6 aretoan.
“Bi sortzaileek partekatu dute betidanik komedia gestualaren bitartez istorioak kontatzeko grina. Antzerki fisikoa dute adierazpide eta haren bitartez zutitu nahi dituzte oholtzan gatazka sozialak, hausnarketa pertsonalak eta azken finean, beraien bizitza ikusteko eta gizakiak ulertzeko modua. Guzti hori hitzik erabili gabe. Gorputzaren bitartez. Hain zuzen ere, beraiek ongi dioten bezala: “testutik urrunduz, modu zuzenago batean konekta daiteke ikuslearekin muga linguistiko horiek saihestuz. Eta maitasunaren maskarez hitz egiteko, zer maskaren ikuskizun bat sortzea baino erabaki hoberik?”.
ikuskizunak maitasuna zaintzeko bidean agertzen diren beldurrak eta zailtasunak azaleratuko ditu. Bi pertsonek bikote-harreman bati hasiera ematen diote, baina biek dute bestearen aurrean zaurgarri azaltzeko lotsa. Horrexegatik nork bere maskara jarriko du, hots, bi maitemindu maskaraturen istorioa da Eros.
Arnatz Puertas da dramaturgia eta zuzendaritzaren arduradun. Izar Pizarro izan du zuzendaritza laguntzaile eta aktore taldea Nagore Cenizo-Arroyo, Aitor Echarte, Itxaso Gil, Luix Mitxelena eta Leire Ormazabalek osatzen dute.
Informazio guztia Pabellón 6 aretoaren webgunean duzue.



