
Datorren urtean, Loraldia Festibala martxoaren 9tik 28ra bitartean egingo da Bilbon, eta betiko legez, euskal kulturaren proposamenik berritzaileenak plazaratuko ditu. Bere 12. edizioaren leloa Baga, Biga, Higa, Maurizia! izango da.
Ohi den bezala abangoardia izango da oinarria, eta diziplinen hibridazioa, modernitatea eta euskal kulturaren begirada unibertsala izango dira hurrengo edizioaren gakoak.
Antolatzaileek adierazi duten moduan, “guztira, 25 proposamen eskainiko dira eta 29 ekintza burutuko dira. Programazio artistikoari dagokionez, musika, dantza, teatroa, esperientzia digitalak, zinea, literatura, bertsolaritza, naturatik ibilbidea eta murgiltze-esperientziak izango ditugu.
Datorren urteko egitarauan, besteak beste, Nogen taldeak 10. urteurrena ospatuko du edota Ikimilikiliklik Vol. 2, Loraldiaren produkzio berria, nabarmenduko dira. Loraldian ohikoa denez, diziplinen uztarketaz gain, belaunaldi ezberdinetako sortzaileak bilduko ditugu, Bilboko kultur gune eta areto garrantzitsuenetara helduko gara eta arriskuak hartuko ditugu kultur proposamen berritzaileak aurkeztuz.(…) Gure helburua ikusleak harritzea eta emozionatzea da, euskaratik eta sormenetik abiatuta”
Datorren urteko saio guztietarako sarrerak gaurtik, abenduaren 17tik aurrera izango dituzue eskuragarri www.loraldiafestibala.eus webgunean.



