
Abenduaren 27an musikariz, kulturgilez eta aldarrikapenez beteko da Bilbao Arena, euskaltzaletasunaren indarra erakusteko ekitaldian. Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileek antolaturiko ekitaldiaren helburua euskaltzaleak batzea eta elkarrekin euskarak behar duen pizkunde berrirako txinparta piztea da.
Egun horretan sortzaile asko bilduko dira bertan, Gorka Urbizu, Anari, Gontzal Mendibil, Amets Aranguren, Joseba Tapia, Maia Iribarne, Benizze, Miren Narbaiza, Flako Fonki, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga, Edurne Azkarate, Sustrai Colina eta Ane Labaka,…Oier Guillan antzerkigileak gidatuko du ekitaldia.
Kontseiluak hiru arrazoi eman ditu Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko: “Euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldi bat egitea da lehenengo arrazoia. Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoaren aurrean, zain gelditu baino, ekimen eta ilusio berrituak sortzea.
Euskal jendarte osoari mezu argi bat helaraztea da bigarren arrazoia: egiturazko minorizazioan dagoen euskararen normalizazioa eta biziberritzea guztion ardura da, gizarte berdintasunarekin, justiziarekin eta askatasunarekin lotutako beste auzi asko bezala.
Hizkuntza-politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendo bat bultzatzea da hirugarren arrazoia. Eragile instituzional, politiko, ekonomiko, kultural eta sozial guztiei, bakoitzaren erantzukizun eta erabakimenaren arabera, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta erabilera normalerako baldintzen alde egin dezatela eskatzea.”



