
Axut! eta Artedrama taldeek Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek idatzitako Nor naizen baneki antzezlana egingo dute Arriaga Antzokian bi emanalditan: hilak 5, 19:30ean; eta ordu berean, 6an. Oholtza gainean zazpi antzezle izango dira: Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga.
Lan honen abiapuntua Irulegin aurkitutako esku bat da, euskarazko lehen idatzia zuena: Sorioneku. “2.000 urteren ondoren, esku horrek hitz egiten digu, hizkuntza bizirik iraun duen lekuko gisa. Iraganak oraina argitzen du, eta antzerkia arkeologia bezalakoa da: aztarnak berreskuratzea, galderak egitea, erantzunak bilatzea”.
Pieza oso proposamen landua da, eta kantua eta dantza ere garrantzitsuak izango dira bertan. “Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek epopeia bat idatzi dute, estetikoki monoteismotik askatuz eta historia garaikidearekin uztartuz”.
“Nor naizen baneki… Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispiluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara? Ez ote da antzerkia barne indusketarako tresnarik onena?”



