MUSIKA

Lemak eta Malko taldeak Azpeitiko San Agustin kulturgunean

Ostiralean, urriak 10, Lemak eta Malko taldeek kontzertua eskiniko dute Azpeitiako San Agustin kulturgunean 19:00etan. Katapulta Tour Gipuzkoa 2025 programaren barruan kokatzen diren kontzertu sorta hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren eta Kutxa Fundazioaren bultzadarekin, eta Buenawista Prolleckziom’s -en koordinazioarekin ekoizten dira.

Dohako sarrera eta ikusle guztientzako ekitaldia eskaintzen da. Lemak 2019an sortutako Bergarako eta Antzuolako “power trio” bat da, distortsioz betetako kantu xumeak egiten dituena. 2021ean aurkeztu zuten haien lehen lan luzea, “Hegikide”, eta aurreko urtean, 2024an, soinu gordinago baten bilaketaren ostean, “Bi zauri bizi, Bi lore txiki, Bi harribitxi” EP-a kaleratu zuten, zuzenekoetan transmititu nahi duten energia guztia ondo biltzen duen lana hain zuzen ere.

Malko taldea, bestalde, Oñatiko boskotea da eta rockean oinarritzen diren soinuak lantzen dituzte kideek. 2023ko udaberrian taldeari hasiera eman eta gero, 2024ko martxorako dagoeneko kaleratu zuten haien lehen lan luzea, 10 abestiko diskoa “Esan ez direnak” izenpean. Urte horretan bertan Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazle izan ziren eta etorkizun oparo bat aurreikusten zaio taldeari.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button