LITERATURA

Josu Martinezen “Joseba Sarrionandiaren zinema paperak 1977-1980” liburuaren aurkezpena

Zinemaldiaren baitan Josu Martinezen “Joseba Sarrionandiaren zinema paperak 1977-1980” liburua aurkeztuko dute ostegunean, irailaren 25ean, Tabakaleran. Aurkezpen honen bideratzaileak Elixabete Garmendia, Josu Martinez egilea eta Joseba Sarrionandia idazlea bera ere izango dira, eta gonbidatuen artean euskal zinemaren historian nabarmenak izan diren izenak izango dira.

1977tik 1980ra Joseba Sarrionandiak Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan idatzitako zinema kritika eta komentarioen bilduma osatu du Martinezek

Testu hauek nahiko ezezagunak izan arren, idazleak berak ia ahaztuta zituela ere, euskal kultura zinematografikoarentzako mamitsuak eta biziki interesgarriak dira. Alde batetik, garaiko euskal kultura zinematografikoaren kronika eta isla direlako eta, sasoi hartan, Euskal Herrian urtetan zehar zentsurak debekatutako hainbat film ezagutzera eman zirelako. Eta bestetik, 50eko hamarkadan Koldo Mitxelenak Egan aldizkarian idatzitako kritiken ostean, Sarrionandiaren testu hauek direlako euskal zinemagintzari buruz eta euskaraz zinemagintzari buruz jarraikortasunez existitzen diren testu eta kritika bakarrak.

Buñuel, Kubrick, Chaplin, Bertolucci, Eisenstein, Pasolini, Bergman, Fassbinder, Woody Allen… Zine­maren historiako pelikula eta autore gako asko ageri dira Sarrionandiak hogei urte inguru zituela idatzi zi­tuen kritika eta komentarioetan, eta horrekin batera, gero bihurtuko zen idazlearen ezaugarri nagusiak ere aurkitu daitezke: erudizioa, umorea, kritikotasuna, poesia eta filosofiarako joera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button