
Karrikan Zubiak proiektuak euskarazko kaleko arteen arloan hasiberriak diren Euskal Herriko artisten sorkuntza eta hedapena sustatzeko deialdia kaleratu du. Deialdiaren baitan, 2026an sorkuntza-prozesuari ekiteko laguntza ekonomikoa jasoko duen konpainia bat hautatuko da. Horren bidez, ikuskizuna 2027ko Umore Azokan estreinatu ahal izango du. Proposamenak aurkezteko epea urriaren 8an amaituko da.
“Karrikan Zubiak proiektuak 30.000 €-tik gorako laguntzak jasotzen ditu sorkuntza, prestakuntza, bitartekaritza, komunikazio eta erakusketarako. Horrez gain, bultzada handia emango die kale-arteetako konpainiei Euskal Herriko jaialdi eta programazio entzutetsuenetako batzuetan bira egiteko aukera emanda. Izan ere, ikuskizuna erakusteko 10 hitzordu biltzen ditu deialdiak.”
Bertan sartzen dira antzerkia, dantza, zirkua edo formatu txiki edo ertaineko diziplina anitzeko ikuskizunak, sareko bazkideen edo kideen jaialdi eta programazio artistikoetan programatu ahal izateko.
Aurreko edizioan hautatu zen Bitsa Konpainia bere hurrengo sorkuntza-lanean murgilduta dago, eta 2026ko maiatzean estreinatuko du Umore Azokan.