
Oier Guillanek Aztitza (Susa–EHAZE) liburu berria aurkeztuko jendaurrean gaur berton, hilak 19, Errenteria/Oreretako Noski! liburu-dendan, 19.00etan hasita. Lan horretan, azken bederatzi urteetan garatu dituen 11 proiekturen emaitza bildu da. Bertako piezak, batzuk luzeagoak, besteak laburragoak, tarteka poesia fisikoaz eta umore absurdoaz blaituta datoz. Performanceak batetik, idazketa saio esperimentalak bestetik, Arra. Arraroa, Mr. Señora, Zauri Bolodia, VHS edo Miss Karaoke bere aurreko proposamenen oihartzunak ere erraz aurkituko ditu irakurleak testuotan, bilaketa eta kuestionatze etengabearen fruitu.
Gaurko saioan, Asier Sarasolarekin batera Barraskiloa piezaren irakurketa dramatizatua egingo du egileak, eta ondoren, 11 gonbidatuk galdera deseroso bana egingo diote, bakoitzak liburuko pieza banaren inguruan.
Ez da aurkezpen bakarra izango, izan ere, uztailaren 3an, Oiartzungo Post-Etxea eta Ehuntze espazioetan izango da berriz autorea. Ekitaldia Loaren defentsan piezarako Ananda Berasartek egindako argazkien proiekzio musikatuarekin hasiko da, Post-Etxea espazioan. Ondoren, Ainhoa Alberdik butoh dantzarekin lotuko ditu kaletik bi espazioak. Azkenik, Ehuntze espazioan egileak irakurketa dramatizatua egingo du, Imanol Ubedak sortutako Aztia antzezlaneko kanta batzuen bertsio akustikoez lagunduta.