
Bihar, martxoak 6, Donostiako San Telmo museoan egingo den aurrestreinaldiak (Primeran plataformak eta Taupa mugimenduak antolatuta) Laburbira zirkuituaren XXII. edizioa abian jarriko du. Zirkuitua martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean hedatuko da Euskal Herri osoko 50 herritara. Laburbirak euskal zinemagintza hauspotu nahi du zinemagileei beraien lanak erakusteko aukera emanez, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutarazi ere.
Aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira eta horietarik, 8 film hautatu dira herriz herri ikusteko, hauexek: Prosopagnosia (Ekain Martinez); Plazer Bat (Sonia Estévez); Betiko Gaua (Eneko Sagardoy); Europa (Ekain Irigoyen); Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena); Hor Konpon (Jone Arriola); Goodbay Kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, Iraia Yarto); eta Utlandsk (Alba Lozano).
Denetariko lanak aurkitu daitezke sorta horretan, eduki zein estiloz, eta horietako asko jada zenbait zine jaialditan saritutako lanak dira.
Donostiako San Telmo Museoan martxoaren 6an egingo den aurrestreinaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da.