
Datorren urteko otsailaren 2ra arte, Montehermoso Kulturuneko lehen solairuan, Egiturazko Pobrezia izeneko erakusketa izango da ikusgai. “Pobrezia estrukturalak ez du unibertsalki onartutako definiziorik, eta agerian uzten du gizarte garaikideak moldatzen dituzten egitura sozial, ekonomiko eta kulturalekin duen harreman korapilatsua”.
Erakusketak, fenomeno sakon eta korapilatsu honen askotariko geruzak aztertzen ditu, beti ere, artetik abiatuta.
Tokiko zortzi artista biltzen dira erakusketan, eta problematika horren inguruko dinamikak agerian uzten dituzte modu askotan: instalazioak, esku-hartzeak eta ikus-entzunezko piezak. Eta horien bidez, gentrifikazioan, ugalketa-eskubideetan, moda lasterrean, migrazio-esperientzietan eta funtsezko eskubideetan jarriko dute foku artistikoa.
Hala, “Ariana RAC-ek forma ematen die espekulazio urbanistikoaren tentsioei, horrek etxebizitza lortu ahal izatea nola mugatzen duen erakutsiz, eta Itxaso Díazek, aldiz, abortuaren murrizketak salatzen ditu ikus-entzunezko lan baten bidez. Itzal Garcíak moda lasterra kritikatzen du jarrera performatibo bat hartuta. Bere esperientzia migratzailetik abiatuta, kartelak sortzen ditu bisitariekin batera Gezus Ramírezek, lan-prekarietatea salatuz. Lucía Jayok pobreziari buruzko pertzepzioei aurre egiten die dohaintzan emandako materialen instalazio batekin. Kapitalismoak eta klima-aldaketak genero-ikuspegi batetik begiratuta desparekotasunak nola areagotzen dituzten aztertzen du Txaro Arrazolak. Zaloa Ipiñak nekazaritza-mapa bat erabiltzen du funtsezko eskubideak nabarmentzeko, eta Zirikak esekitako zuhaitz bat proposatzen du indibidualismotik kolektibitate solidariorako trantsizioaren ikur gisa”.
Zortzi begirada desberdin, pobrezia estrukturalaren nondik norakoez hausnartzeko.