
Azken osteguna izango da hau. Euskarazko antzerkia hauspotzea eta antzerkilariei plaza berriak eskaintzea helburu duen Lautan Hiru jaialdia amaitzera doa. Baina amaitu baino lehen pieza ederrak eskainiko ditu.
Hala, Euskaltzaindian honako saioak izango dira: 19:00etan, Raska Nazka (Aitor Vinagret), eta 19:30ean, Ganbila bildumaren aurkezpen berezia (Oier Guillan, Iraia Elias, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola, Xanti Agirrezabala). Geroago, BIRAn, 20:30ean, Daisy Crazy (Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara)
Antolatzaileak adierazi dutenez, “aurten, gogoberrituta eta nobedadez jantzita dator bosgarren aldia beteko duen Lautan Hiru antzerki-jaialdia. Antzerkigintza ardatz hartuta, hainbat emankizun eskainiko dira, baina helburuak ez dira aldatu: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (antzezlan guztiak euskaraz emango dira); antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta”.
Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta Euskaltzaindiak aurten ere elkarlanean antolatu du egitaraua Cafe Bar Bilbaorekin eta BIRA Kulturgunearekin batera. Eszenatokiei dagokionez, ohikoei AEKren Kalderapeko kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.
Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.



