IKUS-ENTZUN

Zinebik Bahman Ghobadi zinegileari emango dio Ohorezko Mikeldia

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) Bahman Ghobadi zinegile kurdu-iraniarrari emango dio 58. edizioko Ohorezko Mikeldia.

Zinebiren arabera, Bahman Ghobadi zinegile kurdu-iraniarra saritzea erabaki da, “zinean egin duen lanaren dimentsio artistiko garrantzitsua, bere herrialdeko askatasunen aldeko borrokan erakutsitako konpromisoa eta herri kurduaren gizarteari eta kulturari buruzko testigantza bikaina aintzatetsiz”. Saria emateko ekitaldia azaroaren 25ean izango da, ZINEBI 58ren Amaierako Galan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Arriaga Antzokian.

Kurdistanen jaio zen Bahman Ghobadi zine gidoilari, zuzendari eta ekoizlea. Teherango Iranian Broadcasting College izenekoan ikasi zuen Ghobadi zinegile gazte xumea baino ez zen Irango zine harrigarri hura Europara heldu zenean, Abbas Kiarostamiren, Majid Majidiren, Jafar Panahiren edo Mohsen Makhmalbafen eskutik, besteak beste.

Bere filmek mundu osoko jaialdi garrantzitsuetan aintzatespenak jasotzen dituzten arren ez dira Irango sare komertzialean banatzen, Irango erregimenak atsegin ez dituen errealitateak erakusten baitituzte, Donostian bigarren Urrezko Maskorra lortu zuen Ilargi Erdia (Niwemang, 2006) lanarekin gertatu zen bezala.

Estatu Batuak, Alemania eta Turkian, Ghobadik hainbat film prestatu ditu, Turkia, Siria, Irak eta Iran lurraldeetan bizi diren herritar kurduek jasandako errepresio egoerak salatzeko. Horren adibidea da Rhino season (Fasle kargadan, 2012) ia 30 urte kartzelan igaro zituen poeta kurdu baten historia.

Zinebi 58ren barruan bere azken lanetako bat eskainiko da A flag without a country (2015), Busango (Hego Korea) eta Sundanceko  (EE.BB) zinemaldien aurreko edizioetan aurkeztu zuena.

Show More

Related Articles

Back to top button