
Asteburu honetan, maiatzaren 27tik 29ra, Literaturia izango da Zarautzen. Aurtengo edizioan, Zarauzko Udalaren eta Zarautz Kulturaren laguntzaz, eta Berria hedabidearekin egindako hitzarmenari esker, askotariko ekitaldi eta espazioak antolatu ditu jaialdiak.
Herri horretako Lege Zaharren enparantzan izango da Literaturiako liburu azoka, eta bertan herritarrek euskal literaturako liburuak erosteko aukera izango dute. Ahotsenea eta Sormenerekin elkarlanean antolatu dira liburu aurkezpenak, batzuk karpan bertan, eta beste batzuk Garoa liburu-dendan. Horretaz gain, makina bat ekitaldi ondu dira Modelo aretoan eta Lege Zaharren enparantzan egingo direnak.
Gaur berton, hilaren 27an, abiatuko da Literaturia, 20:00etan, Ana Malagonen manifestuarekin. Ondoren, Istanbul ikuskizun musikala izango da ikusgai, Modelo aretoan. Bertan Oier Guillan, Lutxo Egia, Pelax, Telmo Trenor eta Elena Ramirez bilduko dira.
Larunbatean, 11:30ean irekiko da liburu azoka Lege Zaharren enparantzako karpan, eta Ahotsenea sortzaileen gunean liburu aurkezpenak hasiko dira. Eta ekitaldiei dagokienez, larunbatean bi ekitaldi egingo dira bertan: goizeko 12:30ean, Berrabiaraziko dugu literatura eskolan? mahai-ingurua izango dugu Imanol Epelde, Intza Alkain, Uxue Ostolaza eta Nerea Lasaren eskutik. Eta 18:00etan, Frankenstein agurgarria gutun musikatua eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak. Haurrentzako Literattipia atalean, larunbatean goizeko 11:00etan Kamishibaizalea, sormen lantegia izango da Iñaki Martiarenaren eskutik, Etxezabala aretoan. Bukatzeko, larunbatean, gaueko 22:00etan Ødei rap kantari eta bertsolariaren kontzertua izango da azokako karpan bertan.
Igande goizean,11:30ean, mahai inguru bat antolatu da Manu Lopez Gaseni, Angel Erro eta Irati Jimenez mahaikideekin. Eguerdiko 12:30ean, Merkatu Plazan Maialen Lujanbio bertsolariak rr #5 marrak. Garaiaren erradiografia mugitu bat errezitaldia eskainiko du. Eta amaitzeko, 17:00etan, Arantxa Iturbe, Eider Rodriguez eta Miren Narbaiza elkartuko dira Modelo aretoan Elkarrizketa baten soinua eta notak izeneko emanaldian.
Literaturiaren webgunean duzue programa osoa.