
Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa Arquetipos de mujer_Reloaded antzezlanaren agertoki izango da martxoaren 26an, 19:00etan, MusEkintza jaialdiaren barruan.
Egun horretan, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museora hurbiltzen den publikoak “ondare industrialaren erreferentzia den gune honetaz gozatzeko aukera izango du, antzerkiaren bidez bertan lan egin zuten emakume guztiei omenaldi sentitua egiten zaien bitartean”. Eta horretarako Arquetipos de mujer_Reloaded antzezlana programatu da, Juana Lor, Haizea Aguila eta Beatriz Villanueva aktoreekin batera.
Piezak museoa erabiliko du eszenografia bizidun gisa eta ehuntzea izango da bera metafora, kontzeptu, historia eta arketipoa. “Topaketa hurbila eta konplizea da, ikuspegi berria ematen duena, gure izate osoa garatzea eragozten duten loturak askatzeko”.
Irailaren 24an hasi zen MusEkintza jaialdia, eta ordutik hilabete bakoitzeko azken larunbatean ikusgarri bat egiten da honako tokietan: Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, Muskizko El Pobal Burdinola, Bakioko Txakolingunea, Gernikako Euskal Herria Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa eta Muñatones Gaztelua.
MusEkintzari buruzko informazio guztia www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean kontsulta daiteke.