ESZENA

Gizarte Inklusioari eta Arte Eszenikoen Hezkuntzari buruzko jardunaldiak, Azkuna Zentroan

Azaroaren 3tik 5era Gizarte Inklusioari eta Arte Eszenikoen Hezkuntzari buruzko XIII Jardunaldiak egingo dira Bilboko Azkuna Zentroan. Hiru egunetan, hitzaldiak, zuzeneko ikuskizunak, artisten foroak, ekintza performatiboak, proiektuen aurkezpenak eta tailerrak programatu dira. Horiez gain, beste jarduera batzuk ere egingo dira, hala nola bigarren eskuko azoka, material bibliografikoarekin eta ikus-entzunezkoekin.

Hortaz, egunotan, “hitzaldiak, solasaldiak eta komunikazioak egingo dira arte bizietako hainbat profesionalekin, arteak gizarte inklusiboagoetarantz aurrera egiteko duen gaitasuna erakusteko. Era berean, dramaturgia, mugimendu, musika edo zirkoko tailerrak egingo dira Zentroko hainbat gunetan”.

Edizio honetako goiburua bi kontzepturen inguruan egituratu da: begirada inklusiboa duten prozesu artistikoen inpaktuak, eta proiektu horiek zabaltzen dituzten erresonantziak, hala lantzen dituzten artistentzat, nola parte hartzen duten pertsona eta kolektiboentzat edo sustatzen dituzten instituzioentzat.

Programak gaur egun oraindik ikusezinak diren eta beste aldetik, normalizatu behar diren gaiak tratatzen dituzten proposamenak biltzen ditu. Gaur berton izango da lehen hitzordua Clara eta Ariadna Peya sortzaileek osaturiko Les Impuxibles taldearen Suite TOC nº6 piezarekin. Lan horretan buruko sufrimenduaz arituko dira, Nahaste Obsesibo Konpultsiboaz.

Bihar, azaroak 4, HQPC proiektu kolektiboaren Habrá que ponerse cachas  eta Mur kolektiboaren De tú a tú piezak ikusteko abagunea egongo da. Lehen ikuskizunak neba-arreben arteko harremanak denborarekin nola aldatzen diren azaltzen du, eta bigarrenak galdera bat planteatzen du: zer gertatzen da arraza edo baldintza kontuan hartu gabe, aurreiritzirik gabe, bi pertsona bakarrik daudenean?
Bi ikuskizunak amaitzean, topaketa bat egingo da publikoarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button