IKUS-ENTZUN

Ella Fitzgerald omenduko duen dokumentalak “Jazzinema” zabalduko du gaur

Gaur hasiko da Euskadiko Filmategiaren eskutik antolatutako Jazzinema ekimenaren laugarren edizioa. Ekimenak zinemaren eta jazzaren arteko lotura islatzen dituzten filmak eskainiko ditu uztailean, Donostiako Tabakaleran, eta gainera, aurten estreinakoz, Bilboko Arte Ederren Museora ere joango da ekimena Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren laguntzarekin.

Ella Fitzgerald omenduko duen dokumentalak zabalduko du gaur ekimena, eta Frantziako eta Ameriketako klasikoak berrikusiko dira, soinu-bandetan jazz musikak izan duen garrantzia azpimarratuz.

Bertan, Ella Fitzgeralden bizitzaren aztarnei jarraituta artistaren bidea aztertzen da, nolako bidea egin zuen haren musikak soinu-banda bilakatu arte. 1934an, Harlem auzoko Apollo antzokian egindako talentu-lehiaketa batetik abiatuta, Ellak bost hamarkadetan zehar egindako bidaia miresgarria jarraitzen du filmak, eta bere musikak nola islatu zituen garaiko grinak eta gatazkak erakusten du.

“Ohiko biopic arruntaz harago, irudiak eta musika baliatuta, garai hartako giroa dakarkigu (filmak), eta Ellaren ibilbide apartaren testuingurua azaltzen du; Smokey Robinson, Jamie Cullum, Tony Bennett eta Norma Miler artistei egindako elkarrizketen bitartez. Jazzaren Olinpoko jainkosa baten eta, oro har, XX. mendeko musikaren ahotsa”, aditzera eman dute antolatzaileek.

Hiru ardatz nagusi  ditu Jazzinema ekimenak. Batetik, jazza nabarmentzen duten soinu-bandak dituzten filmak aukeratzen dituzte. Bestetik, jazz-musikariak protagonista dituzten filmak lehenesten dira proiekzioetan. Eta hirugarrenez, jazzaren eragin nabarmena duten filmak dira ekimen horren ardatz. Era honetan, bi diziplina artistiko horien zaleei, guzti horren uztarketaz gozatzeko aukera eskainiko zaie programatutako egitarauari esker.

Hala, beste batzuen artean, Jean‐Luc Godarden À bout de souffle filma, Martial Solalen jazz musika bandarekin; Édouard Molinaroren Só Un témoin dans la ville filma Barney Wilenen musikarekin; edota Orson Wellesen Touch of Evil, Henry Mancini handiaren jazz-musika latindarraren soinu banda duen filma dira uztailean Jazzinema ekimenarekin ikusiko direnak.

Proiekzio saioak 19:00etan izango dira, bai Tabakalerako zinean, bai eta Bilboko Arte Ederren Museoko auditoriumean ere.

Egitarau osoa, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button