
Asteburuan, lau koreografia taualratuko dira Gipuzkoan, XIII. Dantza Zirkuituaren eskutik: Xihiko, Uno, Oskara eta Las otras piezas.
Hala, ostiralean, Errenteriako Niessen aretoan, 18:00etan, Iparraldeko Eliralek Xihiko obra taularatuko du. “Dantza, zuzeneko musika eta itzal-jolasak erabiliz, beldurra eta ezezagunaren inguruan arituko dira”. Pieza koreografiko eta musikala bost interpreterentzat egina da; Arantxa Lannes, Jose Cazaubon, Oihan Indart, Arkaitz Miner eta Jokin Irungaray dira parte-hartzaileak.
Larunbatean, Errenterian Xabier Olaskoaga Plazan, 20:30ean, bigarren obra bat ikusteko aukera izango da: Delrevés konpainiaren Uno, zeina orekaren inguruan ardazten den. “Leonardo da Vinci eta hark oreka unibertsalaren inguruan egindako lana da haien erreferentzia. Hainbat obratako irudiak erabiltzen dituzte, besteak beste: Vitubrioren gizona, giza gorputzaren oinarrizko simetriaren sinboloa eta, hedaduraz, unibertso osoarena”.
Larunbatean, halaber, baina Arrasateko Amaia Udal Antzokian, 19:30ean, Kukai konpainiaren eta La Veronal taldearen sortzaile Marcos Morauren elkarlanetik loratutako Oskara egitasmoa taularatuko da. “Koreografiak euskal kulturari lotutako pasadizo eta mito batzuk lantzen ditu, sortu zirenetik gaur egunera”.
Azkenik, igandean, Hondarribiko Auditorium Itsas Etxean, 20:00etan, Las Otras Piezas lana izango da ikusgai: “Iker Karreraren eta Fernando Lázaroren kezka koreografikoei irtenbidea emateko sortu zen ikuskizuna. (…)Dantza garaikide berri batek, bere freskotasunarekin eta esperientziarekin, koreografia landuen, musikaltasunaren, zehaztasun teknikoaren eta estetika zainduaren alde egiten du berriro ere”.
Informazio gehiago: euskadi.eus.