
Aneguria (Ane San Miguel Crespo, 1984, Bilbo) Percebe Dana edo Ezebez (Baga Biga) izenburuko estreinako lana aurkeztu berri du. Musikariak Azkue Fundazioak abiatutako Banden Lehia irabazi zuen iaz, eta grabazio berri hori lehiaketaren irabazleari dagokion saria da. Horrekin batera, Azkue Fundazioak Banden Lehiaren 10. edizioa aurkeztu du, zeina hainbat nobedaderekin datorren.
Aneguriak zortzi kantu bildu ditu diskoan, sei abesti eta bi erremix. Kantuok euskaraz eta gaztelaniaz jaso ditu. “Sentimenduen arabera euskarara edo gaztelaniara jotzen du; benetako sentimenduetatik abiatutako kantuak dira”, azaldu du. “Urduri jartzen naizenean, euskarara jotzen dut, euskaraz inprobisatzen dut; nire babes hizkuntza da”, gaineratu du.
Bilbotarra rap eszenarekin lotzen bada ere, oraingoan pop eta elektronikara egin du salto. “Ausardia izan behar da rap doinuak popera ekartzeko, Aneguriak egiten duen lez; reggae zantzu batzuk ere badira”, azpimarratu du Ritxi Aizpuru Baga Bigako kideak. Madonnaren eraginak ere aipatu ditu Aizpuruk.
Disko “gordina” da, Banden Lehiaren baldintetan zehaztutako sei hilabetetan egina. Horretarako, Aneguriak hainbat ekoizlerengana jo du, “zuzeneko ideia diskora eramateko asmoz”. Hala, ekoizleok sortutako instrumentalen gainetik abestu du. “Elektronika poteneta eskatzen zidan gorputzak, dantzatzeko musika da, mezuarekin”, nabarmendu du Aneguriak. Bere musika “aldakorra” dela azpimarratu du, “ez dakit nora noan, ikasten ari naiz, baina etengabe ari naiz mugitzen”.
Banden Lehia X. edizioa
Aneguriaren diskoarekin batera, Azkue Fundazioko kide Iurdana Acasuso Atutxak Banden Lehia ekimenaren hamargarren edizioa aurkeztu du: “Banden Lehiak, euskara, musika eta teknologia lotzen ditu. Eta horrela, hirugarren osagai honek, teknologiak, garrantzi handia dauka garapenean. Izan ere, musika taldeen izen ematea eta publikoaren botoak jasotzeko aukera internet bidez burutzen da”. Taldeek jada izena eman dezakete, urriaren 26ra bitarte.
Aurtengoa hamargarren edizioa izaki, Azkue Fundazioak sariak handitu ditu. “Sari gehiago izango dira; edizio honetan, lau talde finalistak sarituak izango dira. ”, azaldu du Acasusok.
Horrekin batera, ekimenean parte hartu duten finalistek orain arte sortutako ondare musikala gizarteratuko dute laster iragarriko duten proiektu baten bidez, zeina Badok eta Entzun musika atariekin elkarlanean gauzatuko den. “Ziklo bat bete da, baina balorazioa positiboa da, eta harrotasunez diogu egun, euskal panorama musikalean gogor jotzen ari diren talde asko Banden Lehiatik pasatu direla: Zazkel, Eskean Kristo…”, azpimarratu du Azkue Fundazioko kideak.



