Ekainaren 1ean eta 2an, Gasteizko Big Band Festival jaialdiaren XV. edizioa egingo da. Antolatzaileen hitzetan, “Big Band Festival jaialdiak ezaugarri propioak ditu, irisgarria eta parte-hartzailea da, eta gure hiriko kultura giroan sendotuta dago; gainera, jazzarekin lotura duten musiken udako denboraldiari ematen dio hasiera”.
Gaur abiatuko den egitarauan honako hitzorduak programatu dituzte. Ekainaren 1ean, 21:00etan, Balkan Paradise Orchestra izango da protagonista. Bartzelonako taldea da, eta emakumeek osatua.
Biharko ekitaldian, 13:00etan, Big Band Berriren txanda izango da. Luis Aranburu Musika Eskolako taldea da, GBBrekin batera jaialdia antolatzen duena. Arratsaldean, 20:00etan, Gasteiz Big Band kolektiboaren kontzertua izango da.
Horren ostean, 22:00etan, Puerto Candelaria taldea arituko da. Kolonbiatik datorren soinu eztanda, mugak zeharkatu dituena.