
Lan eszeniko honek, VI. Cafe Bilbao Antzerki Gidoien Sarietan, 2008ko edizioko euskarazko antzerki testu onenaren saria eskuratu zuen. Jon Urraza eta Jon Zubiaga dira helduentzako umorezko antzerki lan honen egileak, zuzendariak eta aktoreak.
Jon Urraza aktoreak idatzitako helduentzako umorezko antzezlan honengatik: VI. Cafe Bilbao formatu txikiko antzerki gidoien saria jaso zuen. “Morritson eta Gartzia: Kultoko Antzezlana helduentzako komedia bat da”, esan dute protagonistek. “Umorezko antzerki argumentuduna. Zuzenean jotako musikarekin eta erritmo biziarekin. Pertsonaia berezi, original eta barregarri bi hauen bidez, eta umore eta ironia bereziarekin; elkarbizitza, elkarlana, erlazioak, adiskidetasuna, iraganeko gertaerak eta maitasuna; etxebizitzaren arazoaren koktelontzian nahastu egiten dira, komedia basati honetan”.
Morritson eta Gartzia, bere burua berezitzat duten hogeitaka urteko galtzaile ameslariak dira. Beste batzuen ustetan artistatxo alper aurpegihandiak ordea. Zituzten ametsak urruntzen joan dira, eta bizitza eroso eta lasaiera ohitu dira, beraien bikoteek ahalbidetzen duten bizitza lasaia, alegia. Baina Gartziak, lasaitasun hori galdu du, bere nobia berarekin nekatu da, kale-gorrian gelditu da eta furgonetan egin behar du lo. Orduan bere aspaldiko laguna den Morritsoneri, antzezlan urratzaile eta konprometitu bat elkarrekin sortzeko proposatuko dio
Bihar bertan, abenduak 1, 19:00etan Gorlizko Teresianoak kultur etxe berrian izango da bikotea. Abenduaren 4an, berriz, 19:00tan, Eskoriatzako Plazan jarriko duten Euskararen aldeko karpan ere egongo dira eta azkenik, 6an, 19:00tan, Durangoko Azokako Eszenatokia gunean, 15 minutuko lagin bat aurkeztuko dute antzerki maratoian.