
Gaur , otsailak 2, eta Bilbo Zaharra Forum jardunaldien barruan, Iban Zalduak idatziriko Biodiskografiak liburuari loturiko emanaldia egingo dute Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, Plaza Barrian. Literatura eta musika uztartzen dituen lan horren inguruan Zaldua bera, irakurketan, eta Xabier Montoia eta Ibon Rodriguez arituko dira, musikan.
Zalduak bere bizitzan esanguratsuak izan diren 39 disko hartu ditu Biodiskografiak liburuan, eta horien inguruan beste horrenbeste ipuin idatzi ditu, diskoetan ardazten den biografia fikzionatua erdietsiz. Autoreak aukeratu duen disko zerrendan 80ko hamarkadakoak dira nagusi, eta artista ingelesenak dira gehienak, besteak beste, The Chamaleons, The Sound, The Cure, Sisters of Mercy, The Smiths edo Echo & the Bunnymen, -Itoizen Alkolea da liburuan sartu den euskal disko bakarra-.
Honela azaldu zigun proiektua idazle gasteiztarrak nontzeberri.com webgunean egin genion elkarrizketan : “Aspaldiko proiektua da: mota honetako ipuinen bat argitaratu nuen jada Itzalak bilduman, Los Planetas-en Unidad de desplazamiento albumaren gainean hain zuzen ere; bestalde, maiz egin diet erreferentzia musika kontuei nire aurreko lanetan: nire lehenengo liburuko aurreneko ipuina El año de los Beatles zen, pentsa. Baina biodiskografiak esperimentu independente bat da, eta esperimentuaren abiapuntua diskoek izan behar zuten beti”.
Elkarrizketa osoa hemen: “Abiapuntua diskoek izan behar zuten”.
Bilbo Zaharra Forum jardunaldietako hurrengo saioa otsailaren 22an izango da, 19:00tan, eta bertan Maialen Beloki izango da.