
Arteshop ekintza berritzaileak artea eta merkataritza uztartu nahi ditu. Horretarako EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen eta Bilbao Arte Fundazioko artisten jarduera sortzailea sustatuko du, eta aldi berean, ekitaldi honetarako espresuki egindako ekoizpen artistiko bat eskainiko zaie saltokiei.
Berez, ekimenaren helburua hiriko merkataritza-jarduera sostengatzea da, bizipen berri eta erakargarri bat eskainiz. Hala, denda horietan, Arte Ederren Fakultateko ikasleek eta Bilbao Arteko ikasleen lan artistikoez gozatu ahal izango da.
Oraingoan 45 saltoki aukeratuko dira beste horrenbeste ikasleren esku-hartze artistikoak hartzeko.
Martxoaren 21era arte, programaren oinarriak egongo dira eskura, eta parte-hartzaile guztiek aukera izango dute ekimen honi atxikitzeko: saltokiek, ikasleek eta artistek.
Proiektuak apirilean diseinatu eta gauzatuko dira, eta muntaketa maiatzaren hasieran abiatuko da.
Eta azkenik, obrak maiatzaren 11tik ekainaren 3ra bitartean ikusi ahal izango dira.
Gainera, programari ahalik eta hedapen eta osperik handiena emateko xedez, lehiaketa bat antolatu da, Arte Ederren Fakultateko ikasleek egindako hiru proiektu onenak saritzeko. Hala, lehenengo saria 1.200 euro izango da, bigarrena 900 euro eta hirugarrena 600 euro.
Informazio guztia hemen duzue bilduta.