
Gaur, urriak 10, Marc Ribot (Newark, AEB, 1954) gitarra jotzaile estatubatuarra Bilbon dagoen UPV/EHUren Bizkaia Aretoan izango da, 20:00etan.
Ribotek, musikari ipurterreak, makina bat musika estilo jorratu ditu bere ibilbide luzean, tartean, esperimentala, free jazza, elektronika edo hardcore-punka. Azken boladan musikari kubatar talde batekin ere aritu da. Horretaz gainera, itzal handiko musikariekin egin du lan, hala nola, Tom Waits, John Zorn edo Elvis Costellorekin. Donostiako azken Jazzaldian ere izan da estatubatuarra.
Gaur bakarlari arituko da Bilbon. Orain arte sei disko argitaratu ditu bakarlari gisa, oso ezberdinak euren artean. Izan ere, Ribotek makina bat estilo eta teknika uztartzen ditu bere lanetan. Azkena, 2010ean argitaraturiko Silent Movies.
Gitarra jotzailearen hitzetan, “Nire sustraiek amerikar beltz musikarekin zerikusi handia dute. Jazz, Rythm and Blues, lehenengo rock-n-rolla. Eta bestalde punka. Funtsean atzerantz joateko nahia dago”.
Ondoko bideoan Blind Willie Johnson blues musikari klasikoaren Dark Was The Night (Cold Was The Ground) doinua jotzen ikus daiteke.