
Duela urtebete inguru plazaratu zuen Pasai Donibaneko Anai Arrebak taldeak euren lehendabiziko maketa. Orain, hamar doinu biltzen dituen iraupen luzeko estreinako lan homonimoa argitaratu dute Tolosako Bonberena Ekintzak-eko lagunekin.
Grabazioa dantzarako lehergailu aproposa da, diskotekako musika, funka, soul eta rocka uztartzen ditu, baita reggae, post-punk eta pasarte latinoak ere. Koktel dantzagarri hori prestatzeko, sintetizadoreak, gitarra riffak eta bateria kolpeak josten dituzte. Aipaturiko ezaugarriez gain, gizonezko eta emakumezko ahotsen konbinazioa ere Anai Arrebaken funtsezko elementua da.
Boskotean Jousilouli, Naiz Roxa, Trigger Travis eta muturreko beste talde batzuetan ibilitako musikariak dira Anai Arrebak taldeko musikariak. Oraingoan, baina, aurre egitasmoetan jorratzen zuten metal eta hadcore erritmoak baztertu, eta dantzalekurako aproposak diren doinuak jotzen dituzte, betiere, rock zaletasuna alboratu gabe.
Diskoa, Portugal Txiki estudioetan grabatu dute Josema Linazasororekin eta Gorka Alvarezekin. Masterizazioaz, berriz, Jonan Ordorika arduratu da.
Egun disko berri hau zuzenean aurkezten ari dira gipuzkoarrak: abenduaren 1ean, Tolosako Bonberenean izango dira; 8an, Hazparneko Ttattola gaztetxean; 9an, Durangoko Azokako Ahotsenea gunean; 15ean, Iruñeko Akelarren; eta, azkenik, 21ean Gasteizko Goran.



