
Kaotiko punk rock taldeak E.H. Calling izenburuko zortzigarren lana aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Aurkezpen ekitaldian lau musikari izan dira, guztiak Xabi bateria jotzailea izan ezik: Fonta baxu jotzailea, Aguayiko eta Aguayo gitarra jotzaileak, eta Jhony abeslaria.
Azken horrek hartu du hitza, eta hasieratik nabarmendu du lan hau orain arte egin duten diskorik gogorrena dela, dinamikoagoa. Soinu gordin horretan zerikusi handia izan du Soziedad Alkoholikako Jimmy-k, berak egin baititu grabazioaren nahasketak. Dena dela, Kaotikoren ezaugarri nagusiak bere horretan jarraitzen dute zortzigarren lan honetan: doinu azkarrak eta motzak, baina melodiekin eta koroekin jantziak. Ahots nagusia ere apur bat gogortu da. “Disko guztia da azkarragoa, eta ahotsa ere urratuagoa, estudio berri batean grabatu dugu, eta soinua zertxobait aldatu da, detaileetan nabaritzen da”, azaldu du abeslariak. Usurbilgo Higain estudioan grabatu dute, eta taldekideek lokalean jada argi zeukaten lan indartsuagoa egin nahi zutela.
Horretaz gainera, hitzek puntu politiko azpimarragarria daukate, “Euskal Herriak bizi dituen garai politiko berrien isla”. Izenburuak berak ere, egoera politiko hori aipatzen du, The Clash-en London Calling disko mitikoaren izenburuari jarraituz. Diskoak, gainera, Joe Strummer talde ingeles horren hildako lider ohia omendu nahi du, duela hamar urte zendu baitzen. Ingalaterrako musikaren eraginarekin jarraituz, iragarri dute martxoaren 8an Londresera doazela Gatiburekin eta bertan, Presa kantuaren klipa grabatuko dute. Strummer ez ezik, Iñigo Cabaca eta Falta de Riego taldea ere omendu nahi izan dituzte lan honetan; talde horren izen bera duen kantuaren bertsioa jaso dute.
Disko guztietan egin ohi duten bezala, honetan ere euskarazko kantu bat sartu dute, Xabier Silveira bertsolariaren testuekin onduriko Hitz egin begiekin, non Fermin Muguruzak era kantatzen duen. Kolaborazioen harira, aipatu Soziedad Alkoholikako Juanek ere Recarga kantuan parte hartu duela.



