
Apirilaren 19an ospatuko den Liburuen Nazioarteko Egunaren harira, Gasteizen dagoen Artium zentro eta museoak hainbat ekitaldi ondu ditu.
Antolatu dituzten ekintzen artean, zine dokumentalari buruzko liburu erakusketa nabarmendu behar da: Zinema dokumentala edota errealitatearen trataera sortzailea. Bertan, 20ko hamarkadako eskola klasikoak, 30eko eta 40ko dokumental politikoak eta gerra ondokoak aztertuko dira. Ekintza horrekin lotuta, arteari eta zinema dokumentalari buruzko testuen jendaurreko irakurketa ere egingo da; nornahik parte har dezake izena emanez gero.
Beste hiru ekitaldi gehiago ere izango dira: Elena Aitzokoak aurkeztuko duen Gure maitasuna Erdi Aroan jaio zen performancea; Jesus Guridi Kontserbatorioko ikasleek egingo duten kontzertua, Jazz musika zineman; eta, azkenik, bookcrossing edota liburuak askatzeko kanpaina. Hala, Zazpigarren urtez jarraian, Artiumek bookcrossing edota liburuak askatzeko kanpaina jarriko du abian. Apirilaren 19 eta 26 bitartean, 100 arte liburu askatuko dira Gasteizko hainbat tokitan.
Ekitaldi hauekin loturiko xehetasun guztiak Artiumen webgunean daude jasota.