
Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputatuak, David Latxaga Amorebieta-Etxanoko alkateak, Luis Javier Ugarte kultura eta gizarte sustatzaileak eta edizio honetan parte hartuko duten artistek, Juana García Pozuelo, Álvaro Gil Soldevilla eta Sra. Polaroiska (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe), Bosteko 2013 arte garaikidearen erakusketaren hamaseigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean.
Aurtengo edizioan, bost artista barik, lau artista aukeratu dira euren lanak bost herritan erakusteko: Amorebieta-Etxanon, Arrigorriagan, Basaurin, Getxon eta Leioan. Hain zuzen ere, gaur arratsaldean Amorebieta-Etxanon abiatuko da jendearentzat.
“1998an hasi zen ekimen hau eta urteen poderioz gure garaietara egokitzen joan da. Eta gaur egun, euskal sormenaren aldeko apustu inportantea da artista gazte garaikideak bisualizatzeko”, esan du Miren Josune Ariztondo Kulturako foru diputatuak.
Edizio honetan, Bizkaiko arte plastiko eta bisualen eremuan sendo aritzen diren gazteen lanak ikustatu ahalko dira: Juana García Pozuelo, Álvaro Gil Soldevilla eta Sra. Polaroiska (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxek osatutako bikote artistikoa). Luis Javier Ugarte erakusketaren komisarioak nabarmendu du, “gazte hauen identitatean, garaikidetasuna, interdisziplinitatea (bideoa, eskultura, pintura,…), eta aktualitatea topa ditzakegu, baina batez ere artisten gaztetasuna nabarmendu behar dugu, ez baitira kontsakratuak, orain sortzen ari baitira”. Hirurek errealitatearen fikzioan mugitzen dira ikuspegi askotatik eta hainbat modutan.
Lehen aipatu dugun bezala, hainbat herritara mugituko da Bosteko 2013, zehazki, data hauetan: Amorebieta-Etxanon, irailaren 11tik 29ra bitartean izango da; Arrigorriagan, urriaren 2tik 20ra bitartean; Basaurin, urriaren 22tik azaroaren 6ra bitartean; Leioan, azaroaren 12tik abenduaren 1era bitartean; eta Getxon, abenduaren 3tik 29ra bitartean.