LITERATURA

“Erlea” aldizkariaren 7 alea kalean da

Gaur, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, Andres Urrutia Euskaltzainburua, Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, eta Erlea aldizkaria zuzentzen duen Bernardo Atxaga euskaltzaina bildu dira aldizkariaren 7. alea aurkezteko.

“Europako maila altuko aldizkarien artean kokatu behar dugu hau. Jakingarri asko dituen aldizkaria da, idazleek beren ohiko lanetan plazaratzen ez diren hainbat saioekin. Erreferentziazko lana bilakatu zaigu Erlea” adierazi du Jokin Azkuek.

Erlea aldizkaria zuzentzen duen Bernardo Atxaga idazleak bere aldetik ondokoa azaldu du: “Euskal idazleari, saiogileari, poetari lehen mailako aldizkaria eskaintzeko asmoa egon da beti, mundu mailako beste aldizkari askoren pareko egon ahal izateko; eta horrexegatik, berezitasuna, gai batzuk behin eta berriz agertzen dira. Baina orain aurkeztuko dugun honetan ideia nagusi bat gailendu da: kanpotik etorritako zenbaten seme-alaba aritzen dira, edota egiten dute literatura Euskal Herrian?”. Hala, horietariko askok testuak idatzi dituzte gaur aurkeztu den alerako.

Hortaz, zazpigarren zenbaki honetan, besteren artean, erbesteaz eta gatazkaz, eta eurek eragiten dituzten tristeziaz eta minaz hitz egiten da. “Atal berezia objektuen bidezko elkarrizketa luzatzen duena izan da; Objektuak atala izeneko da, eta Antonia Manot Txiki-ren amari eskaini dio Atxagak, edota Sarrionandiari eginiko elkarrizketa, eta abar. Bigarren gai bat ere badago: Lorea. Eta hori dela eta Karen Amaiaren argazki ederrek ilustratzen dute aldizkaria (azala Amaiarena da), eta euskal izendapena duten lore biren gaineko letrak ere argitaratu dira”, esan du Atxagak. Beste aldetik, argazkiak eta ilustrazioak Ernesto Valverdek, Mikel Valverdek, Jose Ramon Urtasunek eta Zaldieroak egin dituzte, eta Pamiela argitaletxea arduratu da edizio eta diseinu delikatuaz.

Erlea 7 honetan partaide izan dira: Lorenzo Rojo, Karmele Jaio, Jon Benito, Jose Manuel Bujanda, Garbiñe Biurrun, Mari Romero, Alberto Barandiaran, Koldo Izagirre, Kepa Altonaga, Asun Garikano, Mikel Urdangarin, Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Jacinto Iturbe, Lourdes Otaegi, Miguel Sanchez-Ostiz, Juan Ignacio Pérez, Jabier Kaltzakorta, Luzien Etxezaharreta, Joxemari Iturralde, Iñaki Sarriugarte, Pepe Altair, Harkaitz Cano, Mikel Urdangarin, Xabier Elorriaga eta Joseba Luzuriaga.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button