
Apirilaren 29a, Jean-Georges Noverre (1727-1810) koreografoa eta dantza modernoaren aitzindaria jaio zen eguna, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko aukeratu zuen UNESCOk.
1996. urtean Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartea jaiegun horretan hasi zen dantzaren inguruko hainbat ekitaldi antolatzen. Aurten, hemeretzigarren edizioa izango da, eta horretarako hainbat ekimen antolatu dira Gipuzkoan.
Hala, datorren apirilaren 6an, Andoaingo Bastero Kulturgunean, Elkarteko Eskoletako ikasleek Eskoletako Dantza Erakustaldia eskainiko dute. 23 lan ikusi ahal izango dira guztira, balleta klasikoenetik hasita, joerarik modernoenera.
Herritarrek dantzaz gozatu dezaten, Dantza Kalean ikuskizunaren 8. edizioa izango da apirilaren 12an, larunbata, 17:30ean. Bertan, jazz dantza, funky, hip-hop, eta dantza garaikideko koreografiak eskainiko dituzten 220 dantzarik parte hartuko dute.
Kontxako barandako barra klasiko erakustaldia Dantzaren Hilabetea ekimenaren ospakizunik jendetsuena bihurtu da. Barra txikian 707 dantzarik parte hartuko dute, eta helduen barran, berriz, 540k. Guztira, 1.247 dantzari izango dira.
Udaberriko dantza ikastaroak ere ez dira faltako; hala, Errenteriako Niessen aretoan, apirilaren 22tik 26ra, Angel Rodriguez irakaslea izango da; eta jazz dantzan, Fernando Lazaro irakaslea. Flamenkoan ere Kelian Jimenez irakaslea arituko da.
Apirilaren 26an, larunbata, 17:00etan, Donostiako Udalaren Areto Nagusian, Dantza Sariak ekitaldiaren hamabigarren emanaldia izango da, eta hurrengo egunean, 19:30ean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Dantzaren Nazioarteko Egunaren XVIII. gala.



