
Gaur, irailaren 18an, osteguna, 19.00etan, Emak Bakia filmaren proiekzioa antolatu da Gasteizko Artiumen. Proiekzioaren ondoren Oskar Alegria eta Bernardo Atxaga idazlea solasean arituko dira pelikulari buruz.
Man Ray-k 1926an filmatu zuen Emak Bakia, Biarritz inguruan egin zuen egonaldi batean. Pelikulan, artista, argazkilari eta zinemagile iparramerikarrak bere ibilbidean zehar esperimentatu zituen teknika asko aurki daitezke: esposizio bikoitzak, rayographs, stop motion izeneko teknika baten bidezko animazioak, fokatze okerrak…
Emak Bakia dokumentalean, Biarritz inguruan kokatuta dagoen etxe honen bilaketa kontatzen da, diogun bezala, surrealisten erara. Poema itxura duen artista dadaistaren ikus-entzunezko lan horretatik abiatuta, kutsu esperimentaleko lana egin du Oskar Alegria iruindarrak.
Biarritzetik gertu, 1926an filmatutako etxeak izen berezi hori zuen, eta Oskar Alegriak erabaki du oinez abiatzea etxe haren bila. Man Rayk etxandi horren hiru plano besterik ez zituen ezagutarazi: sarrerako atearen irudia, leiho bateko bi zutabe eta kostalde hurbilaren zati bat. Irudi zahar horien bidezko bilaketa ez da erraz gertatuko.
Lana kritikoen hitzetan: “Txinatar kutxaz betetako pelikula bat, eta oroimenari buruzko pelikula bikaina” (Enrique Vila-Matas); “Zinema burudun eta zintzoa: bidea xedeari gailentzen zaio” (Corneliu Porumboiu); “Bukaera, zoragarria” (Víctor Erice).



