
Osso eta Yemen-Rá bikoteek Azkoitiko Matadeixen egin ohi diren Bebarruko Jardunetan joko dute, ostiralean, hilak 27. Jardunaldiak iragan ostegunean hasi ziren, Jose Luis Otamendiren Kapital Publikoa errezitaldiarekin, izan ere, kontzertuak, zine emanaldiak eta bestelako ekitaldi kulturalak biltzen dituzte jardunaldiok.
Ostiraleko kontzertuaren harira, Lekter (Kokein, Cobra…) eta Serge (Eraso!) musikariek osatzen dute Osso bikotea, eta oraintsu, Paraxuta estreinako lana aurkeztu dute: Potentzia handiko rock eztanda haizatzen du diskoak, Queens of Stone Age eta antzeko talde gogor, baina melodikoen antzera.
Yemen-Rá ere bikote formatuan aritzen da: Iñaki Castro ( Mantisa, Trigger Travis) eta Xabi Villena (Iron Batasuna) musikariek stoner, psikodelia eta metal estiloak uztartzen dituzte.
Jardunaldiak maiatzera arte luzatuko dira, eta beste kontzertu hauek ere izango dira: apirilaren 24an, Cró eta Erroma; apirilaren 30ean, Joseba Irazoki eta Lagunak; maiatzaren 2an, Amsia; maiatzaren 7an, Dawans of Human eta Gaitze eta maiatzaren 9an, Lorelle Meets The Obsolete.
Horrekin batera, Beris eta Gontxalo argazkilariek aipatutako kontzertuen argazkiekin ondutako erakusketa aurkeztuko dute.
Zineak ere bere tokia izango du Bebarruko Jardunek ekimenaren baitan, eta Ezlekuak Zine Zikloa izenburupean. Naked Lunch, Meteora eta Marwencol filmak pantailaratuko dira, besteak beste.
Egitarau osoa: mataderoekintzak.wordpress.com.