24 Ordu Digitalean ekimena lehiaketa bat da, bai eta film laburren erakusketa bat ere. Ekimenak proposatzen duena da lanak 24 ordutan sortu behar direla: oinarri zehatz batzuetatik abiatutako istorioa asmatu, grabatu, editatu eta esportatu. Hortaz, azaroaren 1ean, arratsaldeko 17:00etan, antolatzaileek gaia proposatuko dute Arriola Antzokian, eta 24 ordu pasatutakoan filmak Arriola Antzokian aurkeztu beharko dira.
Jaialdiaren helburua “multimedia munduaren zaleentzat parte-hartze formula berria irekitzea da, lan-taldeak sortuz eta teknologia berriak erabiliz. Sormenak, originaltasunak, ideia trebetasunak eta istorioen osaketak emaitza liluragarria eskaintzen dute beti.”
Lehiaketaren betebeharretan aipatzen da film laburretan esaldi, objektu eta gai zehatz bat agertu behar dela derrigorrez. Elementu horiek aurretik antolatzaileek proposatuko dituzte. Informazio hori lehiaketa hasten den momentuan bertan emango zaie parte-hartzaileei.
Gero, eskatutako denboraren barruan lana burutzeko, talde bakoitzak bere burua nahierara antolatu beharko du produktua bukatu eta entregatzeko beharrezkoak diren eginbehar artistiko eta tekniko guztiak betetzeko.
Taldeak Euskal Herri osotik datoz, batez ere Durangaldetik, eta batzuk badakite zertan den lehiaketa, baina beste batzuentzat erronka berria izango da.
Hauek dira zehaztasunak: Filmak formatu digitalean aurkeztu beharko dira,.avi, konpresio gabe edo .mov,( H264 o MP4), konpresio gabe 16:9 formatuan ,4:3 formatuan aurkezten bada banda beltza gehitu beharko zaio. Emisio formatua 16:9 izango da.
Lanen emanaldiak azaroaren 2an izango dira, 20:00etan, eta horren ostean sari banaketa egingo da Arriola Antzokian. Sari nagusia 700€ dira, eta gero bi finalista izango dira, 500€ eskuratuko dituztenak.