ESZENA

Pabiloi 6 aretoak urtarrileko programa iragarri du

Urte berriarekin batera, egitarau oparoa hasiko du Pabiloi 6 aretoak urtarrilean, gustu eta estilo askotarikoa lanak programatu baitituzte datorren hilabeterako ere.

Hala, publiko zabalarentzat pentsatutako egitarauak bost  antzezlan taularatuko ditu datozen egunotan.  Lehena, pasa den abenduan estreinatutako  Alicia Después De Alicia, Kabia Teatroa konpainiaren lana izango da eta urtarrilak 2, 3 eta 4an eskainiko dira emanaldiak.

Obrak, umoretik eta edertasunetik jolastuz,  irudien animazioa eta 7 aktoreren interpretazioa agertoki bakarrean batzen ditu, biolinista baten barneko munduan murgiltzeko: Alizia. Haren bizitzako momentu kritiko batetik abiatuta, Aliziak bere grinez galdetuko dio bere buruari, beharraren eta ametsen artean noizbehinka sortzen den kontraesanaz eta haurtzaroko idoloen suntsipenaz.

Urtarrilak 11an izango da hurrengo antzezlanaren estreinaldia: Improvisa que no es poco ikuskizuna, Impro y punto konpainiaren eskutik.  Izenburuak esaten duen moduan inprobisazioa da ikuskizunaren oinarri eta publikoak proposatutako gaiaren inguruan sortzen dituzte lanak oholtza gainean arituko diren Araceli Angulo, Roberto Ferro, Josu Angulo eta Alfonso Medina artistak.

Mami Lebrun 2017koDonostia Antzerki Saria antzezlanaren txanda izango da biharamunean, urtarrilak 12an, 19:00etan. “Egoitz eta Miren, omenaldi bat prestatzen ari dira berriki hil den amona Concharentzat. Amonaren etxeko ganbaran aurkitutako eguneroko batzuk tarteko, Conchak gaztea zelarik Parisko kabaret batean bizi izan zuena kontatuko dute”.  Dolua, pertsona maiteen desagerpena, haiek agurtzea, haien memoria bizirik mantentzea… Horiexek dira obra hunkigarri honen kontakizunean biltzen diren gaietako batzuk. Getari Etxegaraik zuzendutako lana, Ane Pikaza, Kepa Errasti eta  Ainara Ortegak interpretatuko dute agertokian.

Urtarrilak 16, 17, 18, 19an, La Zanja obra aurkeztuko da. Miguel, meatzaritzako multinazional bateko teknikaria, Hego Amerikan konpainiaren ustiategi batera iritsi da. Alfredo (alkatea) eta haren komunitatea “aurkitzaile” berri honen zain daude. Bi mundu eta bizitza ulertzeko modu desberdinak elkartzen dira. Mina ezartzearen handinahi, aukera eta ondorioek herriaren etorkizuna eta herritarren arteko harremanak markatzen dituzte. Pizarro eta Atahualparen arteko topaketaren historia da, espainiarrek Ameriketara heldu zirenean, protagonisten etorkizuna zehaztuko dutena. Agertokian,  Diego Lorca eta Pako Merino arituko dira pertsonaiak interpretatzen.

Ramon Bareak zuzendutako azken obraren estreinaldiak itxiko du  urteko lehen hilabetea: Ubu, Rey De Las Finanzas. Emanaldiak, urtarrilaren 30ean eta 31an, 20:00etan izango dira.  Kepa Alesso, Alazne Astorga, Aitor Echarte, Tania Fornieles, Alex Gibaja, Diana Irazabal, Sandra Martín Gomez, Arnatz Puertas eta  Leire Ormazabal,  P6-ko Gazte Konpainiako antzezleak igoko dira oholtzara. “Ubuk munduko jabea izan nahi du, kosta ahala kosta. Editorial garrantzitsu baten jabe den Bordarekin batera, Munduko Bankuko zuzendaria eta haren familia hiltzeko konplota prestatu du. Ubu familia ez da familia ustela. Ustelkeria bera dira”.

Informazio osoa duzue,  Pabiloi 6 aretoaren webgunean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button