ESZENA

Inprobisazio guztia Bilbora dator “Primo Fest” jaialdiaren eskutik

Primo Fest jaialdiaren edizio berria garatuko da datorren urriaren 10etik 13ra Pabilloi 6 aretoan. Festibalaren ardatzak inprobisazioa eta bat-bateko sorkuntza dira, eta publikoaren aurreko emankizun iraungikorrak sortzeko teknikak jarriko dira oholtza gainean.

Hala, susperraldian dagoen impro genero honekin, emankizunaren unean bertan publikoak iradokitako proposamenen inguruan sortutako esketxak antzezten dira oholtzan, publikoa bera ere sormen lanaren partaide bilakatuz. Hartara, zuzeneko sorkuntza teknika honen ezaugarri nagusia, bat-batekotasuna eta publikoarekiko eragina dira,  komediarako joera handia izan ohi dituzten eszenak sortuz. “Inprobisatzaileek erritmo  zorabiagarrian, eszena barregarriak konpondu beharko dituzte eta edozein gauza gerta daiteke ahaleginean”, azaltzen dute antolatzaileek.

Primo Fest jaialdiaren lehen emankizuna, Kremlin Aretoan izango da, urriaren 10ean, gaueko 22:00etatik aurrera. Jam impro honetan, leku eta maila ezberdinetako zenbait inprobisatzaile arituko dira eta publikoa ere oholtza gainera igo ahalko da ikuskizunaren protagonista bilakatuz. Bertaratzen direnen proposamenetan oinarritutako ikuskizun honetan, ikusleak sinesgarritasunetik harridura, eta azkenean, barre eta txaloetara pasatuko dira.

Hurrengo emankizunak Pabilloi 6 aretoan izango dira. Hala, ostiralean, 20:00etan, Al Tran Tran konpainiaren show-a izango da, hamar urtetik gora genero honetan munduko hainbat agertokitan eskarmentua duen konpainia. Larunbatean, emankizun bikoitza izango da: 20:00etan, Omar Galvan inprobisatzailearen ikusgarria, mundu mailako inprobisatzaile eta erreferentea bera. Eta 21:15ean, Free form ikuskizuna, Impro y Punto konpainia anfitrioiarekin batera, aurtengo jaialdian izango diren konpainia ezberdinetako inprobisatzaileak arituko diren ikuskizun mundiala. Eta domekan amaitzeko, 20:00etan, Bilbao Impro Big Band ikuskizuna, dantzariak, musikariak eta antzezleak oholtza partekatuko dutena. Bertan, zuzendari batek gidatuta, Soundpainting teknika baliatuz sortuko dituzte esketx inprobisatuak.

Jaialdiaren harira, gainera, larunbatean eta igandean tailerrak eta masterclassak ere antolatu dituzte, inprobisazioaren ezaugarri eta teknika ezberdinetan sakondu eta ikasteko aukera eskainiz. Irakasle lanetan, Omar Argentino Galvan, Alfonso Medina, Dani Sota edota Ankele Cantizani  izango dira, egungo inprobisazioko erreferente handiak direnak.

Bertan parte hartzeko eta izena emateko, nahiz egitarauaren informazio gehiagorako, joan  primofest.com web atarira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button