MUSIKA

Erro diskoetxea loratu da

Izaki Gardenak, Montauk eta Joseba B. Lenoir taldeetako musikariek Erro izeneko zigilua osatu dute. Atzo aurkeztu zuten Gasteizen diskoetxe berria. Autoekoizpenean oinarritutako ekimena da.

Joseba B. Lenoirren bi kantuko singlea izango da diskoetxearen lehendabiziko erreferentzia. Laster, CD formatuan plazaratuko dute, eta udazkenean binilozko single formatuan. Bi kantuok musikariaren bandcamp gunean entzun daitezke: Haiek izorra nahi haute eta Kantu odolustuen bluesa. Lehenengoa Spencer P Jones musikari australiarraren kantu baten moldaketa da.

Egilearen aburuz, bolumen ozenean entzuteko egin dira bi kantuok. Izan ere, gitarra oldarkorretan oinarritutako kantuak dira, batez ere bigarrena, Kantu odolustuen bluesa. Single digital hau gauzatzeko Lenoir ondoko musikariekin aritu da: Haiek izorra nahi haute doinuan, Ilargi Agirre (bateria), Nagore Etxabe (bateria), Mikel Larratx (hitzen moldaketa) eta Miren Narbaiza MICE (koruak); Kantu odolustuen bluesa abestian, berrizMikel Santxez Etxegiak parte hartu du, bateria jotzen. Single biniloan argitaratzeko asmoa ere badu.

Urtea amaitu baino lehen, udazkenean, Izaki Gardenak eta Montauk taldeen disko berriak ere plazaratuko dituzte Erro markapean. Hiru taldeek antzeko parametro musikalak partekatzen dituzte; hots, AEBetako rock.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button