MUSIKA

Txuma Murugarrenek disko berria aterako du laster

Hala adierazi du berak: "Disko berrirako abestiak bildu ditugu jada, eta orain haien artean entresaka egiteko garaia heldu da. 15 kantu daude lehian, horietatik 10 bat joango dira diskoan. Maketa etxean grabatu ostean bandarekin egin ditugu lan-saioak, eta martxoaren 22ko astean azken lau entseguak egin ostean, 26an sartuko gara grabatzera Lamiñaks estudioan, Lastra soinu-teknikariarekin. Saltsa horretan, Rafa Aceves (teklak), Miguel Ramirez (gitarra), Rafa Rueda (gitarra), Natxo Beltran (bateria), Ekaitz Hernandez (baxua) eta Asier Ituarte (haizeak) bilduko gara diskoa atontzeko."

Txuma Murugarren (Errenteria, Gipuzkoa, 1964) Sasoi Ilunak taldeko abeslari, gitarrista eta kantuen hitzen egilea izan zen 90eko hamarkadan. Bakarrik, Nere leihoak (Oihuka, 2000) grabatu zuen lehenengo, eta ondotik beste lau disko etorri ziren: Hegazkinen arima (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Gauak, neskak eta maletak (GH, 2003), Nire anaiaren kotxeko argiak (GH, 2004) eta Marjinalia (GH, 2007). Azken bi diskoen arteko tarte horretan ez da geldirik egon Murugarren. Lauaxetaren omenezko Ehungarrenean hamaika (GH, 2005) lan kolektiboan parte hartu ondoren, Rafa Rueda eta Pettirekin partekatutako disko bat kaleratu du, Hauxe (GH, 2006), eta Larrialdietako irteera liburua (Paper Hotsak, 2006) argitaratu du, ostegunero Berria egunkarian idatzitako artikuluen bilduma. Halaber, Mathilde maitatzeko modukoak literatur eta musika ikuskizuna ondu zuen Julen Gabiria idazlearekin.

Gaztelupeko Hotsak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button