
Durangon, San Agustin Kulturguneak eta Turismo sailak antolatuta, eta Ganso & Cía-ren zuzendaritza artistikopean, Tontolapiko Eguna ekimenaren laugarren edizioa egingo dute apirilaren 18an, egun osoko egitarauarekin.
Ekimenaren helburua clown disziplina herritarrengana gerturatzea, eta Aste Santuko opor garaian, Durangora bisitariak erakartzeko aukera sortzea. Programazioa eguerdiko 12:00etan hasiko da eta emanaldi jarraiak izango dira gauera arte. Denetarik egongo da, musika, animazioa eta makina bat emanaldi umoretsu.
Landako Gunearen inguruan gauzatuko da egitarau osoa, eta azkeneko emanaldia Plateruena Kultur Aterpean izango da.
Urtero legez programazioak atzerriko eta bertoko lanak aurkeztuko ditu. Aurtengo edizioan parte hartuko duten taldeak eta obrak honako hauek dira: Karrika Antzeki taldea (Parkingdarrak); Argentinako Mundo Costrini taldea (Frikis); Frantziako Les Enfants Sérieux taldea (Happy Apolcalypse To You); Valentziako Cia Jimena Cavalleti (B.O.B.A.S); eta Kataluniako UAL-LA! Konpainia (Play).
Badakizue, apirilaren 18an, Durangon dituzue umorea, magia, eta antzerkiz eta zirkuz beteriko hitzordu ederra, clown-aren hiriburu bihurtuko baita.