ESZENA

Umeei zuzendutako “Bilbon Eskolatik Antzerkira”

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak arte eszenikoen etorkizunaren alde egiten du apustu, umeei zuzendutako Bilbon Eskolatik Antzerkira antzerki programaren eta antzerki lehiaketaren bitartez. Ekimenak, aurten, 20 urte betetzen ditu. Hogei urte horietan Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimenari esker, 160.000 ikus-entzule baino gehiagok, harremana izan dute Arte Eszenikoekin, Euskal Herriko artistekin eta konpainiekin.

Programaren helburua sinplea da: Arte Eszenikoetarako ikus-entzule berriak prestatzea eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzea.

Hala, umeei zuzenduta konpainia profesionalek prestatu dituzten lanen emanaldiak sustatzen dira, eta sorkuntza bultzatzen da, izan ere, lanen muntaketak aurrera eramateko laguntza ekonomikoa eta teknikoa ematen da bai ikastaroen bidez, bai lehiaketaren bidez.
Eta horrek guztiak segida izango du. Ikasturte berri honetarako 28 emanaldi programatu dira (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), zortzi konpainiaren eskutik. Konpainia horiek Bilborocken, Campos Antzokian, AlhondigaBilbaoko auditorioan eta Otxarkoagako eta San Frantziskoko udaltegietan eskainiko dituzte euren lanak.

Era berean, Kultura eta Hezkuntza Sailak Eskola Antzerki Lehiaketaren edizio berri bat antolatuko du ikasturte honetan. Lehiaketaren helburu nagusia, “Arte Eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko gisa erabiltzea eta umeen artean Arte Eszenikoak sustatzea da”.

Irabazle gertatzen diren taldeentzat dirutan banatuko diren sariez gain, parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Arte eszenikoetan eta adierazpenaren pedagogian adituak diren pertsonek osatutako epaimahaiak, alderdi hauek sarituko ditu, besteak beste: lan eszenikorik hoberena, proposamen eszenikorik bereziena, alderdi teknikoei emandako konponbiderik onena, interpretaziorik hoberena, partaideen adinera egindako egokitzapenik onena edo modalitate eszenikoen berreskuratze lanik hoberena.

Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztiek hartu ahal izango dute parte, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH-ko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek. Egun hauetan, programa horiei buruzko informazio guztia jasoko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button