
Rafael Berrio musikari donostiarrak 2009an argitaratu zuen 1971 disko zoragarriaren jarraipena plazaratuko du urtarrilaren 29an. Lan berri horrek Diarios du izenburua eta dagoeneko sarean entzun daiteke.
Jon Obeso idazleak diskoaren harira idatzi duen oharrean jasotzen denez, “bilis zuriaren eraginpean idatziriko egunkariak dira, nihilista sentikor baten gibelarekin. Rafael Berrioren ahotsean errealismo garbi eta gordina antzematen da; eta Joserra Senperenaren ekoizpena, berriz, zaindua da, agertoki bikaina simulazio ironiko hau antzezteko, zeina beti den norberaren izaera bizitzea”.
Berrioren musikak tradizio estatubatuarretik (Cohen, Dylan…) eta europarretik (Brassens, Battiato…) edaten du. Izan ere, Frantziako musikarekin maiteminduta dago. Uztarketa horretatik abiatuta, Amor A Traicion eta Deriva taldeetan arituriko musikariak kantu liriko apartak sortzen ditu. Horretarako ezinbestekoa du poesia, alegia, letra poetikoak. Hitz horiek, gainera, iragana dute inspirazio, “oraina etsigarria da, etorkizuna ez da sekula iristen. Iragana toki ona da aterpea bilatzeko”, dio musikariak.
Berrio eta Mursego Bilboko Kafe Antzokian
Bestalde, Rafa Berriok eta Mursego (Maite Arroitajauregi) eibartarrak elkarrekin joko dute otsailaren 7an Bilboko Kafe Antzokian. Bi musikariek Phantasma izeneko ikuskizuna taularatuko dute: Berrio beraren, Victor Iriarteren eta Harkaitz Canoren testuak musikatuko dituzte. Berriok gitarra eta ahotsa jarriko ditu, eta Mursegok txeloa, melodika, perkusioak eta ahotsa.
“Perfopoesia eta esperimentazioa, ahoskaturiko berbak eta trantze elektroakustikoa, Phantasma-n Soinu Artea, Arte Poetikoa eta bideoartea gainjartzen dira errealitatearen eta itxurazko existentziaren ideiaren inguruan”.
Ikuskizuna “ikus-entzulearen inteligentziari marra zuzenean zuzenduriko tentsio handiko kontraste emozionaletan” oinarritzen da.



