LITERATURA

R.M. Azkueren askotariko alderdiak Bilboko Euskal Museoan ikusgai

Bilboko Euskal Museoak eta Euskaltzaindiak aldi baterako erakusketa abiarazi dute R.M. Azkue hizkuntzalari eta lehen euskaltzainburuaren bizitza eta lanak gaurkotzeko xedez. Erakusketa urtarrilaren 10era arte izango da ikusgai.

Erakusketan, Resurreccion Maria Azkueren alderdi ugari agertzen dira: irakaslea, musikaria, apaiza, kazetaria, etnografoa, folklorista, idazle eta editorea… Bere figuraren inguruko datu interesgarri anitz  bildu dira: Azkueren haurtzaroa Lekeition, gaztaroa, euskara-katedra eskuratu zuenekoa, hiztegigintzan egindako lana, haren pentsamendua eta euskararekiko ikuspegi moderno eta urbanoa, Azkue folklore-biltzaile nekaezinaren lana (Euskalerriaren yakintza), Euskaltzaindian eginiko ahaleginak eta gerraosteko urteak…
Horretaz gain, bestelako materialak ageriko dira hala nola, Azkueren objektu pertsonalak, dokumentuak, liburuak…

Bere liburu batzuk ere bertan izango dira ikusgai, tartean, Hiztegi hirueleduna. Ale mitikoa da, Koldo Mitxelenak erabili baitzuen gero Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) prestatzeko, edota Kantutegia: lehen bertsio bat eskuz (1919), eta Euskerazko ereziak: gizarterakoak (1897-1899). Erakusketak pantaila interaktibo bat ere badu, eta bertan Azkueren ahotsa entzuteko aukera dago, 1913an eginiko grabazio batean.

Erakusketaren inguruko programazio berezia ere egingo da. Noiz eta zer jakiteko egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button