BERTSOTAN

Nerea Ibarzabal eta Haritz Mujika nagusitu dira asteburuko saioetan

Nerea Ibarzabal eta Haritz Mujika gailendu dira asteburuan Gotaine-Iribarnen eta Gasteizen ospatu diren Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioetan. Horrela, Ibarzabalek Irungo finalaurrekoan kantatuko du. Haritz Mujika, berriz, Donibane Garazin arituko da.

Larunbateko saioan Ibarzabal, 738 puntu eskuratuta, Irungo Ficoban azaroaren 5ean ospatuko den saioan arituko da. Bertan, Sustrai Colina eta sailkatzen diren beste lau bertsolari izango ditu lehiakide oholtzan. Ibarzabalen atzetik geratu dira, hortaz, Oihana Iguaran (737,5), Ane Labaka (694,5), Julio Soto (691), Eneko Lazkoz (649,5) eta Patxi Iriart (604,5), hurrenez hurren.

Igandeko Gasteizko saioan, aldiz, Haritz Mujika izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 695,5 puntu. Haren atzetik geratu dira, Miren Artetxe 670 punturekin, Iban Urdangarin 660,5 punturekin, Xabat Galletebeitia 655,5 punturekin, Amaia Iturriotz 648 punturekin eta Manex Agirre 573,5 punturekin. Saio hau irabazita, Donibane Garazin kantatuko du Mujikak datorren urriaren 29an. Finalaurreko horretan norekin aritu beharko duen jakiteko, zain egon beharko gara.

Datorren asteburuan emango dio Bertsolari Txapelketa Nagusiak jarraipena. Donostian eta Lizarran izango dira saioak. Donostikoan, Vitoria Eugenia Antzokian buruz-buru arituko dira, larunbatean, urriaren 8an,  Aitor Etxebarrizarraga, Beñat Iguaran, Eñaut Martikorena, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita. Gai-jartzaile lanetan, Leire Garatxena Larrabek jardungo du.

Igandean, urriaren 9an, Lizarrako saioan, bestalde, Aitor Bizkarra, Asier Azpiroz, Imanol Uria, Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendi igoko dira Los Llanos Aretoko oholtzara. Berton, Amaiur Lujanbio Agirre ibiliko da gai-jartzaile lanetan.

Bi emanaldiak, ohi bezala, arratsaldeko 17:00etatik aurrera izango dira eta sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus atarian. Hala ere, egunean bertan, 15:00etatik aurrera aretoetako txarteldegietan eskuratu ahal izango dira.

BTN22ko sailkapen guztiak eta informazio osoa, bertsozale.eus atarian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button