
Makina bat kontzertu-ziklo programatu dituzte uda honetan Gernikan, eta horietariko bat Haziberri jaialdia da, gaur berton, uztailaren 15ean, Gernikako Europako Herrien parkean izango dena.
Haziberri festibalaren seigarren edizioan parte hartuko duten musikariak, Silvia Pérez Cruz kantari kataluniarra, Gari & Maldanbera, eta Esanezin izango dira.
Sílvia Pérez Cruz gaur egungo musikagintzako ahots artistiko berezi eta errespetatuenetakoa da, bai Estatu mailan bai nazioartean. Palafrugellen jaiotako kantautoreak urte luzez eraiki du bere unibertso propioa; etiketa artistiko guztietatik ihes eginez, flamenkoa, folk mediterraneoa, jazza, musika klasikoa, fadoa edota kantautoreen tradizioa modu guztiz naturalean uztartuz.
Gari&Maldanbera taldeak aurkezpen gutxi behar du. Hertzainak taldearen ahotsak, belaunaldi oso baten soinu-banda eraikitzen lagundu ostean, bakarkako ibilbidean bide pertsonalagoa eta intimistagoa landu du 30 urtez.
Azkenik, Ianire Aranzabek gidatzen duen Esanezin euskarazko proiektuaren bidez intimitatea eta hunkidura haizatuko dira.



