IKUS-ENTZUN

“Zine Kontari” zikloan euskaraz egindako zinema ikusgai

SGAE Fundazioak eta Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak bultzatuta, azaroaren 28tik abenduaren 2ra, Zine Kontari euskarazko zinema zikloa izango da Bilboko Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoan.

Bost egunetan zehar luzatuko den zinemaldiaren baitan lan ezagunak emango dituzte. Gaur, azaroak 28, Gazta zati bat (2001). Jon Maiak egin duen dokumentala da, eta bertan tratatzen den gaia euskal gatazka da. Xabier Solano eta Zigor Lanpreren musikarekin eta Juantxo Sardonen argazkiarekin, pertsona askoren iritziak eta ideiak biltzen dira lan honetan.

Bihar, azaroak 29, Eider Rodriguez eta Fermin Muguruzak zuzenduriko Zuloak (2012) pantailaratuko da. Zuloak Arrate Rodriguez artistak sortu zuen aspaldi. Izan ere, Andy Warholek Velvet Underground sortu zuen legez emakumez osaturiko taldea egin nahi izan zuen Rodriguezek. Taldea baina, desegin zen eta jasota zeukan material guztia bere ahizpa Eider Rodriguez idazleari pasatu zion eta horrek Fermin Muguruzari. Film honetan emakumezko boskote musikalaren ibilbidea aztertzen da ( Arrate Rodríguez, Naiara Goikoetxea, Ainhoa Unzueta, Tania de Sousa e Izaskun Muruaga).

Azaroaren 30ean, Alberto J. Gorritibereak idatzitako Arriya (2011) ikusi ahalko da. Iban Garate, Begoña Maestra eta Sara Casanovas dira protagonistak.
Abenduan ere beste bi film pantailaratuko dituzte: 1ean, Amama (2015). Asier Altunaren zuzendaritzapean Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Iraia Elias, Amaparo Badiola, Klara Badiola, Ander Lipus eta Manu Uranga dira protagonista; eta 2an Zigortzaileak (2015). Eskolan mehatxu eta irainei (bullying) nola erantzun behar den aztertzen duen istorioa da honakoa. Anne Igartiburu, Carlos Sobera, Loli Astoreka edota Rafael Amargo dira, besteak beste, protagonistak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button