
Mungiako Udalak, Azken Zarata Mungia Rock elkartearen laguntzarekin, Mungirock jaialdiaren 9. urteurrena ospatuko du bi saiotan, eta asteburu honetan, 14an, Enbata Lorade eta Eraso taldeak arituko dira, eta Mala Decisión eta The Lhore Blues Band, abenduaren 28an. Kontzertuak, 20:30ean hasiko dira.
Larunbateko lehen kontzertua Enbata Lorade boskote bakiotarrak egingo du. taldekideen esanetan, taldeak “ez du estilo zehatzik, baina soinu zehatz baten bila dabil”. Ondoren, Eraso zarauztarren txanda izango da, hardcore eta rock estiloetan mugitzen den taldea.
Abenduaren 28an, Mala Decisión hard rock talde santurtziarrak emango dio hasiera saioari Mungirocken. Eta ondoren, The Lhore Blues Band bertako blues taldeak “bertaratzen direnen gozamenak egingo ditu euren musikarekin”.
Aipatzekoa da Mungirocketik igaro diren taldeen musika estiloak anitzak izan direla: bluegrass countrya, elektronika, rocka, doom metala, punk akustikoa eta rock psikodelikoa.
Mungiroc mungiar gazteentzako ensaio-lokalen erreferente izan da. Gaur egun lokalak zortzi talde ditu. Eskaera gero eta handiagoa da, eta horrek Mungiako interes musikalaren bilakaera islatzen du. Mungirock entsegu-lokal gisa eskatzeko inskripzio-data abenduaren 16ra arte dago zabalik. Udalaren webgunean duzue informazio gehiago.