
Donostiako Trueba zinemetan, Kresala Zineklubak hiru film eder pantailaratuko ditu ekainean.
Gaur, hilak 10, izango da lehen hitzordua Zinegoak jaialdiaren lankidetzarekin, eta This Is Ballroom (2024) filma ikusi ahalko da. “Rio de Janeiro hirian eta inguruetan, koloretako LGBTQ+ gazteriak Ballroomaren kultura birsortzen du, New Yorken sortu eta 50 urtera. Rio sutan dago!”
Datorren astean, hilak 17, Sujo (2024) pantailaratuko dute. “Bere aitaren hilketaren ondoren, Sujo txikia umezurtz eta babesgabe geratzen da. Izebaren laguntzaz, Sujo haziko da, zoritxarra, pobrezia eta etengabeko arriskuak saihestuz. Nerabezaroa iritsita, eta iniziazio-erritu gisa, kartel mafioso baten barruan sartuko da, baina bertatik irteten saiatuko da bere bizitza indarkeriatik urrun berregiteko”.
Azken egunean, hilak 24, Nuestra querida profesora (2024) filma ikusteko abagunea egongo da. “Vienako lehen hezkuntzako eskoletako haurren %60k baino gehiagok ez du alemanez hitz egiten lehen hizkuntza gisa. Hori da Ruth Beckermannen dokumentalaren abiapuntua.”