
Larunbatero, Nafarroako Filmotekak zientziarekin hitzordu bat eskainiko du ADItech Zinema eta Zientzia Zikloaren 5.ediziorekin. Ekimenak fikziozko bi film, horietako bat animaziozkoa, eta bi dokumental biltzen ditu, urriaren 7an, 14an eta 21ean eta azaroaren 4an, 19:00etan, Nafarroako hiriburuko Kondestable jauregian. Proiekzio bakoitzaren ondoren, SINAIko ikertzaileek parte hartuko dute egingo den solasaldian.
Zikloa urriaren 7an hasiko da, Human Nature dokumentalaren emanaldiarekin. Adam Boltek zuzendutako dokumental zientifikoa, biologia XXI. mendeko iraultzarik handiena bezala planteatzen duena. Zehazki, CRISPR teknologiaren garapenari buruz hitz egiten du, gaixotasunak sendatzeko, biosfera berreraikitzeko edo gizakiak diseinatzeko tresna gisa. Dokumentalaren ondorengo solasaldian Iñigo Lasa NUPeko Mikrobiologiako katedradun eta NAVARRABIOMEDeko Patogenesi mikrobiotarreko unitateko arduradunak parte hartuko du.
Erreferentziazko zientzia-fikziozko film luze batekin emango zaio segida zikloari: Ex Machina izenekoarekin, eta modu dotore eta hotzean erakutsiko dizkigu, intrigazko istorio baten bidez, adimen artifizialaren aukerak.
Hirugarren saioan, urriaren 21ean, Besa la tierra dokumentalaren txanda izango da. Joshua Tickellek eta Rebecca Harrell Tickellek zuzendutako dokumental honetan, zientzialari adituek eta aktibistek nekazaritza birsortzailearen gakoak azaltzen dituzte, baita lurra klima-aldaketari aurre egiteko eta planeta zaintzeko irtenbidea izan daitekeen modua ere.
Azkenik, zientzia fikziozko klasiko bat, publiko guztiarentzat animatua, Pixarren eskutik: Wall.E filma. Robot txiki baten maitasun istorioa kontatuko da bertan.



