ARTEA

“Noctis Labyrinthus” erakusketa, Markina-Xemeinen

Noctis Labyrinthus argazki erakusketa ikusgai egongo da apirilaren 12ra arte, Markina-Xemeingo Kartzela Zaharrean. Joan den barikuan aurkeztu zen erakusketa testu irakurketa literario eta ikus-entzunezko proiekzio ikusgarri baten bidez.

Erakusketak hiru argazkilariren lanak batzen ditu: ANGST (Txelu Angoitiarena); MOO (Jesus Mari Arruabarrenarena) eta ERO (Segun Lazkanorena).

Hiru lan horietan, gaua da ardatza, gizakiaren alderik ilunenaren metafora gisan harturik, eta maila berean dekadentzia, beldurra, ezinegona eta eromena ageri dira euren argazkietan. Hiru proposamenetan literaturak berebiziko pisua dauka, estreinaldian ageri zuten bezala, izan ere, literatura ez da inspirazio-iturria soilik, narratiba fotografikoaren motorra ere bada askotan.

Irudi bidezko proposamen hau hiru eratara gauzatu dute: erakusketa ibiltari modura, hiru liburutan eta www.noctisphoto.tk blogean. Ez da aukera asko egongo hiru lan hauek erakusketa batean ikusteko. Orain arte hiru erakusketa egin dituzte: Durangoko geltoki zaharrean, Elorrioko Kasajara jauregian eta azkena, Madrilgo EFTI zentroan (Centro Internacional de Fotografía y Cine).
Joan den barikutik aurrera, apirilaren 12ra arte, Markina-Xemeingo Kartzela Zaharrean duzue ikusteko aukera.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button