ESZENA

Gizakiak duen anbizioaz

Ixo Teatroa taldeak Harea izeneko antzezlana egingo du ekainaren 4tik 7ra, Pabellón 6 aretoan. Umore Azokan estreinatu zen maiatzean, eta kasu honetan aretoko bertsioa ezagutzeko aukera izango dute bertaratuko direnek.

Hauxe duzue lanaren korapiloa: “Bi gaztek, hegazkin-istripu baten ostean, uharte bakarti batean amaituko dute nora jo ez dutela. Bertan, oso gauza gutxi izango dituzte: maleta bat eta zuhaitz bat. Zuhaitz haren gerizpean jaioko da bien arteko laguntasuna. Alabaina, dena hankaz gora jarriko da lehenengo fruta eroritakoan. Izan ere, munduan ezer gutxi balio duen hori urre bilaka daiteke errealitate berri honetan… eta, nork ez luke borrokatuko urre apur baten truke?”.

Hitzik gabeko antzezlana da Harea, eta tragikomedia bat plazaratu nahi du, gizakiak duen anbizioaz berba egiteko, baina hitzik erabili gabe.

Ixo Teatroa Arnatz Puertas eta Luix Mitxelenak eraturiko konpainia da. Antzerki fisikoaren bitartez gatazka sozialak, hausnarketa pertsonalak, eta euren bizitza ikusteko modua eta gizakiak ulertzeko era eraman nahi dituzte oholtzara. Hain zuzen ere, biak dira bertako aktoreak, Betitxe Saituak diseinatu eta egin ditu jantziak, Adrian Garcia de los Ojosek soinu-espazioa, Javier Tiradok eszenografia eta Jaione Azkonak argiztapen-diseinua.

Jakingarri guztiak: Pabellon 6

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button