
Astelehenean, hilak 2, eta saio berezi batean, goizeko 11:00etan, Bilboko EDE Fundazioan, Plaza gunean, Gilkitxaro antzerki taldearen Alperrak, tunanteak eta maleanteak izeneko antzezlana ikusteko aukera egongo da.
Memorian eta historian arakatuz, gozamenaren aldarrikapena eta anormaltasunaren apologia egiten duen komedia da Gilkitxaro antzerki taldearen Alperrak, tunanteak eta maleanteak. “Bizi dugun jendarteak produktibistak izatera behartzen gaitu, arnasa hartzeko tarterik gabe, hausnarketan erortzeko tentaziorik gabe; behartuak gaude klik azkar egin eta ezertan sakondu gabe denari erreakzionatzera”.
Lanaren korapiloa hauxe duzue: Pili, Mili eta Willi exiliatutako hiru inurri dira. Normalitatera bidaia egin nahi izango dute, derrigorrezko lanik ez dagoen lekura bidaia, ustezko paradisura, alegia. Baina normalitatea, formalitatea omen da, kondena. Hiru inurri hauek beti pentsatu izan dute pertsonen bizimodua demasekoa dela, idealizatuta izan dute bi hanketako ugaztun hauen unibertsoa. Baina gizakion mundura iritsi bezain pronto aurreiritzi guztiak eroriko zaizkie.



