Gaur abiatuko da Deba herrian Animadeba, Nazioarteko Animaziozko Zinemaldiaren 27. edizioa. Larunbatera bitartean maina bat lan interesgarrirekin gozatzeko aukera eskainiko da. Animadeba zinemaldiak protagonismoa irabazi du urtez urte, eta ezinbesteko hitzordua bihurtu da animazioaren panoraman Euskal Herrian, eta ikusleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta artisten arteko topagunea da.
Aurtengo programazioak publiko guztiarentzako animaziozko filmak (film luzeak eta laburrak) eskainiko ditu. Atal hauek osatzen dute jaialdia: Animadeba LAB, Work in Progress, Case Study (kasu-azterketak), aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak eta musika-emanaldiak. Gainera, aurten Animadeba OFF, pantaila irekia egongo da, Debatik kanpo egiten diren saio edo jardunaldiei izena emateko.
Aurten 1.200 film labur jaso dira eta horietatik guztietatik 22 aukeratu dira pantailan ikusteko eta sarietan lehiatzeko, eta horietarik hamar Sail Ofizialean izango dira.
Film ederrez gain bestelako kontuak ere izango dira bertan, tartean musika. Gaur, irailak 4, 20:00etan, Esanezin taldearen kontzertua dago, eta irailaren 7an, 22:00etan, Anarik kontzertua eskainiko du.
Gaur abiatuko den zinemaldiaren programazio osoa hemen kontsultatu ahal duzue.